XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FORU ADIN URRETSUA.

Bizkaian jaurkintza sistemea erakunde kariaz heldu egin da.

Urrun geratu dira gizaldi ilunak, zeintzuetan, Batzarrek demokrazi arauz zaindutako kontrolpean beti, aspaldiko ekandua Foru idatzi bihurtu zan.

Orain Carta Magna deritxaguna (1526 g. urteko Foru Barria) idatzi zanetik Borbondarrek 1700 g. urtean agertu arte, Bizkaian politika adin urretsua gozartuko dabe, eta Elias de Tejada kondairagileak idatzi dauanez, bere jaurkintza tresnea sortzea lortu dau, eta bere foruak lurreko erregerik ahaltsuenek begiramenez aintzat hartu dabez.

Hareen guztien arteko ahaltsuenak, bere erreinuetan eguzkia etzuten ez zala benetan esan egian harako Felipe II garrenak, beste Jaunek ez ainean lotsea gorde eutsen bizkai aukeramenei, kasu bakotxean foru arauak zehatz bai zehatz bereak izan eitezela begiztatuz.

Fidel Sagarminagaren berbetatik ba dakigu bai, Foru hauste batzuk gertatu ziran haren aldian, Erregeren borondatez barik, agiri danez, kontseiluen eta auzi-mahaikoengandik eratorriak, gehienetan konponduak izan ziran hausteak, eta behintzat gain-zurituteko ahaleginik egin eben gure legeen testuen argipena eginez eta gure ekanduen jardunari adi.

Izan be, erregeren eskabide batzuez lasa-hertsi setatsurik gertatu zan (zergak, eskuadrarako itsasgizonen eskabideak, auzitan ibilteak, salgaiak ontziratzean sariak eta zizak, eta abar), eta halako eskabideei bizkaitarrek hutsik barik behingoan jarten deutse foru-kaltezko gora jotea, zein gehienetan bizkor konpondua izan ohi zan, Bizkaiaren alde atonduriko adioneko zedula bitartez.

Hori dala-ta, Tejada-k esango dau Felipe II garrenaren aldian ikasi dabe bizkaitarrek adore ziurrez euren foruak zainduten, ganeko mendeetako aurrez-aurrekoetarako eskolatu bihurturik.

Eta beharko, bada Felipe II garrenaren aldian Inperio Españarren urre-aroa eta Bizkaiko foru arauketari begirunerik zindoena histori unadan idetuten diran arren, Austriatarren errege azkena Carlos II garrena 1700 urtean hil zanean, tronura errege-leinu batek igongo dau, ez lotsea gordeteko ta ez eurek, erregeek euren eskuetan Jaungoikoagandik hartu eben agintepide biribilaren mugatzaile izan daiteken askatasunik danik be aintzat hartzeko zeharo gauzeztana dan leinua.